“Jantzi zaitez
kolorez”. Hori da Barañain Auditorioak aukeratu duen eslogana denboraldi
berrirako. “Izan ere, ez da giro bazterretan. Ematen du den-dena histen ari
dela, baina beti izanen dugu hor kultura
bazter guztiak koloreztatzeko”. Hori da gune honen arduradunen azalpena, eta
horixe erakutsi nahi dute prestatu duten egitarau askotariko honen bidez,
BEZaren igoerak gehiegi garestitu ez duen programazioaren bidez,
alegia.”Ahalegin handiak ari gara egiten, taldeekin batean, edonork ordain
ditzakeen prezioak jartzeko, arte eszenikoa guztiok goza dezagun”. Argibide eta
asmo horiek dira udazkeneko ekitaldien abiaburua Barañainen. Denboraldi berria irailaren 30ean hasiko da, El bardo talde nafarrak “Bodas de sangre” antzezlana eskainiko
baitigu egun horretan. Urriaren 6an,
berriz, Barañaingo Harizti dantza
taldearen emankizuna izanen dugu, talde horren 25. urteurrena ospatzeko, eta urriaren 14an, Bubulú taldeak “Divorciadas, evangélicas y vegetarianas” komedia
antzeztuko du. Urriaren 27an, Iluna
Producciones taldearen txanda izanen da, ikusleei irribarrea eragiten
saiatuko dira “Cerdo agridulce” lanaren
bitartez. Gaurkotasun handiko bi lan hauek egungo gizartearen kezkak islatzen
dituzte, gure ekintzen ondorioak eta gure eginbeharrak, umore ukitu batekin. Barañain Abesbatzak, bestalde, aurten
ere emanaldia eginen du azaroaren 23an,
Santa Zezilia egunean. Aurten, gainera, Irungo
Nayade Abesbatza izanen dugu gure artean azaroaren 9an, Barañain Abesbatzarekin hitzarmena egin baitu ahots
zuriak biltzen dituen Irungo talde horrek. Azaroaren
16an, “No me moleste mosquito”
antzezlana izanen dugu ikusgai, Ambigú
Producciones taldearen eskutik, eta abenduaren
16an, Nafarroako antzerki talde amateurren federazioaren antzerki
denboraldia bukatzeko, Kumen talde
asturiarra etorriko zaigu. Urtarrilaren
19an, Alkora taldearen tribu-dantzak eta La Ortiga taldearen “El
idiota” izanen dira bertako artista eta taldeen ataleko azkenak.
Baina gure
egitarauak umoreari ere eginen dio tartea. Izan ere, telebistan maiz ageri
diren artista ospetsuen bakarrizketak izanen ditugu entzungai eta ikusgai: Vaquero (urriaren 26an), Gorka Aginagalde
eta Iñigo Salinero (abenduaren 14an) eta Quequé (abenduaren 21ean).
Musikak ere
auditorio honetan betidanik izan duen garrantzia izanen du denboraldi berrian. Urriaren 20an, Camut Band taldeak
bisita eginen digu beste behin ere, 2006an eta 2007an egin zuen bezala, perkusioz
eta klakez josiriko ikuskizuna eskaintzeko. Azaroaren 17an, berriz, José
Menesek flamenkoz zipriztinduko du Barañaingo herria, eta azaroaren 24an, Patricia Kraus, 1987ko
Eurovision jaialdian Espainia ordezkatu zuen kantaria izanen dugu gure artean, Alfredo
Krausen alaba. Javier
Krahe nekaezinaren kanta satirikoak gustuko ditugunok gozatu ederra hartuko
dugu abenduaren 15ean, eta Luar na Lubre taldeak, Mike
Oldfieldekin kantatu zuten talde galiziarrak, amaiera bikaina emanen
dio ekitaldi sorta honi urtarrilaren
26an.
Dena dela, Barañain
Auditorioaren denboraldi berrian haurrentzako ekitaldiak nabarmentzeko modukoak
dira. Izan ere, Eguberrietan gure txikiak izanen dira nagusi. Abenduaren 22an, Nueva Babel taldeak
musikal bat eskainiko digu, “Antídoto
deseado”, maizegi hartzen gaituen tristuraren kontrako antidotoa izan nahi
duena. Abenduaren 23an, Olentzero izanen
da auditorioan, eta hilaren 26an,
San Eztebe egunean, Barañaingo herriaren zaindariaren egunean, alegia, Iluna Produccionesek “Cuento de detectives”
lana antzeztuko du. Abenduaren 29an,
OCN taldeak beste ipuin bat ekarriko digu, Eguberrietakoa opera gisa,
genero hori umeei hurbiltzeko ahaleginetan. Urtarrilaren 4an, “Pinocho” izanen dugu ikusgai, Tempus Producciones-en lana, 2011ko
Max sarien finalera iritsi zena. Aipatu beharra dago, azkenik, azaroaren 25ean, haur magialarien VII.
Nazio topaketen amaierako festa eginen dela.
Ikuskizun
guztietarako sarrera txartelak salgai daude jadanik txarteldegian, 012
telefonoan eta entradas.com webgunean.
Egitaraua
Irailean:
Irailaren 30ean,
“Bodas de sangre”, El bardo taldea, 10€
Urrian:
Urriaren 6an,
Harizti dantza taldearen 25. Urteurrena ospatzeko emanaldia, 6€
Urriaren 14an,
“Divorciadas, evangélicas y vegetarianas”, Bubulú taldea, 10€
Urriaren 20an, “Camut
Aniversario”, Camut Band, 17€ (12€ 12 urtetik beherakoek)
Urriaren 26an,
Vaquero eta Diego Peña, 18€ (16€ aldez aurretik erosiz gero)
Urriaren 27an,
“Cerdo agridulce”, Iluna Producciones, 10€
Azaroan:
Azaroaren 9an,
Nayade Abesbatza, 5€
Azaroaren 16an, “No
me moleste mosquito” Ambigú Producciones, 12€
Azaroaren 17an,
José Menese, flamenkoa, 20€
Azaroaren 23an,
Barañain Abesbatza, 5€
Azaroaren 24an,
Patricia Kraus, 17€
Azaroaren 25ean,
Magialarien gala, 8€ (5€ haurrek)
Abenduan:
Abenduaren 14an,
“Cotillas”, 12€
Abenduaren 15ean,
Javier Krahe, 16€
Abenduaren 16an,
antzerki amateurra, 8€
Abenduaren 21ean,
Quequé, 15€
Abenduaren 22an,
“Antídoto deseado”, Nueva Babel taldea, 12€ (8€ 12 urtetik beherakoek)
Abenduaren 26an,
“Un cuento de detectives”, Iluna Producciones, 5€
Abenduaren 26an,
“Eguberrietako ipuina”, OCN, 16€
Urtarrilean:
Urtarrilaren 4an,
“Pinocho”, Tempus Producciones, 12€ (10€ 12 urtetik beherakoek)
Urtarrilaren 19an,
Alkora, 15€
Urtarrilaren 25ean,
“El idiota”, La Ortiga taldea, 10€
Urtarrilaren 26an,
Luar na Lubre, 15€